XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aingeruak joan zirenean, artzaiek honela zioten elkarri: - Goazen Belena, eta ikus dezagun Jaunak jakin erazi digun gertakari hau.

Lasterka joan ziren, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana.

Ikusi zutenean, jakin erazi zuten, haur hartaz esan zitzaiena.

Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren, artzaiek esaten zutenarekin.

Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz.

Eta artzaiak Jaungoikoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenarengatik.

Ikusi dute nire begiok Zuregandiko salbamena

Haurra erdaintzeko zortziurrena bete zenean, Jesus ezarri zioten izen, sabelean sortu baino lehenago aingeruak esan zuen izen bera.

Mariarentzat, Moisesen Legearen arauera, garbikundeko egunak bete zirenean, gurasoek Jerusalena eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko Jaunaren Legean idatzirik bait dago: Lehen-semea Jaunari eskainia izango da, eta opari egiteko Jaunaren Legeak agintzen duen eran: Bi usapal edo bi usakume.

Simeon izeneko gizon bat bizi zen orduan Jerusalenen, gizon zintzo eta jainkozalea, Israelen poza itxadoten zuena, eta Espiritu Santua berekin zuena.

Espiritu Santuak adierazi zion ez zuela heriotzerik ikusiko, Jaunaren Mesias ikusi arte.

Eta Espiritu Santuak eraginda jauretxera joan zen.

Gurasoek Jesus eraman zutenean, Legeak agindua Harekin betetzera, hartu zuen Simeonek haurra besoetan eta Jaungoikoa bedeinkatu zuen, esanez: - Orain utz dezakezu, Jauna, morroi hau bakean joaten, Zeuk hitzeman bezala.

Ikusi bait dute nire begiok Zuregandiko salbamena, herri guztien aurrean ipini duzuna: Atzerriak argitzeko argia, eta zure herri Israelen edergarria.

Haurraren aitamak harriturik zeuden, haurrarengatik esaten zirenekin.

Eta Simeonek bedeinkatu zituen, eta haurraren ama Mariari esan zion: (...).